Zer da Gordegia?

Gordegia, Egiako Artxibategi Grafikoa izateko helburua duen egitasmo herrikoia da, Donostiako Egia auzoari buruzko irudiak batu, dokumentatu, segurtasunez gorde eta auzokide guztien eskura jarri nahi dituena. Teila Fabrikak hauspotu eta babestuta, aspalditik gai honekiko sentsibilitatea genuen hainbat auzotarren nahi eta ekimenez sortutako proiektu hau irabazi asmorik gabeko elkarte gisa gorpuztu genuen 2019an.

Egia gure auzoa da. Eta gustatzen zaigu. Arima daukan auzoa da, kastaduna. Gauza asko bizi izan ditugu bertan… eta gehiago ditugu bizitzeke. Bizipen horietako asko, gogorrak nahiz ederrak, gurekin gorde ditugun irudietan betikotuta geratu dira. Egiako bizitza eta historia islatzen duten irudi horiek guztiak elkarrekin ikusi eta komentatu nahi ditugu. Garai batean sentitu genuena berriro sentitu. Gogoratu, sentitu eta kontatu. Gure bizipenek balio bat dutela eta gazteagoei kontatzeak merezi duela uste dugu, haiek ere gureak eta haienak kontatzen jarrai dezaten. Oroimena zaindu eta elikatu beharreko altxor baliotsua dela uste baitugu.

Baina proiektu honek etorkizuna izango badu, auzotarren laguntza eta parte hartzeari esker izango du: Gordegia auzotarren ekarpenekin osatutako egitasmoa izango da ezinbestean. Gordegiak irudi horiek guztiak, batez ere kolektiboak, bildu, dokumentatu eta auzokide guztion eskura jarri nahi ditu, Egiako historiaren irudiak auzoari ikusteko eta erabiltzeko eskaini, alegia.

Izan ere, Gordegiak auzoko eta auzotarren argazki albuma izateko asmoa du, guztion etxeko irudi bilduma.

 

Gordegiako kideak:

Itsaso Alkorta Aizpurua

Karlos Trenor Dicenta

Oihana Agirre Garcia

Fernando Olalde Arbide

Juanpe Urrosolo

Arkaitz Artola Arnaiz