Interneteko Argia Saria jaso dugu!

Gaur Argiak Internet kategoriako Argia Saria eman digu, oso eskertuta eta pozik gaude gure ekimen xumea horrela saritzeagatik. Ezin aipatu gabe utzi Teila Fabrikak orain arte eman digun sustenguagatik iritsi garela hain urruti! Juanpe, Patas eta Arkaitz egon dira lantalde osoaren partez (Itsaso, Oih

ani eta Karlos). Hemendik aurrera irudiak biltzen eta zabaltzen jarraituko dugu besteak beste, beraz animatu eta bidali zureak!

Juanpe Urrosolo, Arkaitz Artola eta Fernando Olalde. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

Jarraian Argiak argitaratutako albistea duzue (CC BY-SA):

Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.

ARGIAk arrazoi hauengatik saritu du argazki artxibategia:

“Memoria historikoa egitean ohikoa da gertakizunen eta jendartearen alde bakarra gailentzea. Horixe gertatzen da Donostian ere: Belle Epoque, aristokratak hiriaz gozatzen… baina gaurko saridunek aberatsen historia kontatu ordez donostiar langileen historia bildu dute, eta herritarrak memoria historikoaren protagonista bihurtu.

Langile auzo bateko eragile aktibo dira proiektu honetako bultzatzaileak. Auzoko argazki zaharrak eta material grafikoa bildu, landu, antolatu eta denon eskura jarri behar zituztela erabaki zuten 2019an. Eta ordutik lan horretan ari dira eta ehunka eta ehunka argazki jaso dituzte sarean: auzoko paisaia, jaiak, mobilizazioak, gertaera nagusiak, istiluak, errepresioa, ikastolaren historia… sekula zaharkituko ez den lan ederra. Eta dena, lizentzia libreekin publikatzen dute gainera”.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC-BY-SA

2024ko interneteko Argia Saria Gordegia.eus Egiako Artxibategi Grafikoak jaso du eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olalde etorri dira Atxega Jauregira saria jasotzera. Honakoak proiektuko kide den Arkaitz Artolak esan dizkigunak: “Auzoaren historia ezagutzea lagungarria da aurrera egiteko”.

Ikusi jatorrizko albistea