Erakusketa Kultur Etxean (2024)
Garberako merkatal zentroan 2024ko maiatzan ikusgai dagoen erakusketan honako argazki eta testuak uztartu ditugu.
AURKEZPENA
Egia auzo aldapatsua da, urte askoan hiria diseinatzen zutenek ahaztutakoa eta Donostiarrek hilerrira etortzeko bakarrik gogoratzen zutena.
Urte asko igaro dira, eta auzoa asko aldatu da. Nahiz eta bere historia liburuetan gutxitan jasotzen den, auzoak badu bere nortasuna, eta Egiatarrok gure auzoaz harro gaude.
Gordegia duela bost urte sortu zen. Elkarte honen helburua memoria kolektiboa gorde eta erakustea da, irudi zahar eta modernoen bidez. Gordegia auzoko pertsona guztiena da. Gordegia.eus webgunean milaka argazki aurkituko dituzue. Gehienak, Egiako jendeak ekarritakoak dira, baina gurekin lankidetzan aritzen diren instituzioen irudiak ere baditugu.
Erakusketa honek irudi horietako batzuk biltzen ditu, auzoaren hainbat arlo erakusten dutenak: baserri giroa, Egia industrial-langilea, auzoko borrokak eta festa-giroa.
Hori dena lagin bat besterik ez da. Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, ireki gure webgunea (gordegia.eus), eta auzoko bizilagunek bidali dizkiguten irudiak aurkituko dituzue.
Zuk ere Egiari buruzko argazkiak baldin badituzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Oso erraza da. Anima zaitez.
BASERRI-AUZOA
Egia baserriz osatutako auzo bat izan XIX. mendearen bukaerara arte. 70 baserri zeuden, gutxi gorabehera, oso lurralde zabalean sakabanatuta, Zurriolatik Martutenera eta Urumeatik Altzako (Intxaurrondoko) mugaraino.
XIX. mende horretan, harresiak botatzearekin batera Donostia zabaltzen hasi zen, eta inguruko lurrei beste erabilpen bat eman behar zitzaien: azpiegiturak, jauregiak, lantegiak… Horrela joan ziren baserri zaharrak erortzen, banaka-banaka, gaur egun geratzen den dozena-erdi hori izan arte.
Argazki hauetan baserri haietako batzuk azaltzen dira.
AZPIEGITURA-AUZOA
XIX. mendeko aldaketa horiekin, baserriak eta soroak zeuden lekuetan era guztietako azpiegiturak sortzen hasi ziren. Donostiarron beharrak asetzeko lantegiak, frontoiak, zezen-plazak, hilerriak…
AUZO LANGILE ETA INDUSTRIALA
Berrogeita hamarreko hamarkadan, Egia bereziki industrial bihurtzen hasi zen, eta ostatu-leku jende askorentzat. Hasieran, Gipuzkoako bertako jendea etorri zen, gero nafarrak, eta ondoren Gaztelakoak eta Extremadurakoak. Azken urte hauetan, itsasoz bestaldeko bizilagunak dira auzoko giroa aberastera etorri direnak.
Ugariak ziren janari-etxeak, ostatu eskaintzen zutenak eta familia osoentzako logelen alokairuak.
Unean uneko marrazo inmobiliarioak aberastu egiten ziren planifikatu gabeko hazkunde hartan.
Industria garrantzitsuak eta lantegi txikiagoak sortu ziren: Tabakalera, Teila Fabrika, Múgica, jantzigintza- tailerrak, marmoldegiak, aroztegiak, burdin-tailerrak, garraioak…
BORROKA-AUZOA
60ko hamarkadaren amaiera aldetik, kontzientzia kolektiboa hasten da garatzen auzoan, gizarte-mugimenduak sortu eta horietan parte hartzeko.
Errebindikazio-mugimendu horiek gorabeherak izan zituzten, baina honako hauek nabarmentzeko modukoak dira: borroka antinuklearra (ezin ahaztu Gladys del Estal auzotarra), euskalduntzea (gau-eskola, Villa Salia, AEK, Aitor ikastola, Mª Reina eskola), mugimendu intsumiso eta antimilitarista, gazte-mugimendua (hainbat gaztetxerekin), auzo-mugimendua, errepresioaren aurkakoa, (amnistiaren aldeko asteak, presoen eskubideak), mugimendu feminista…
Harro gaude parte hartze kolektiboaz eta belaunaldiz belaunaldi gure auzoan sortutako gizarte-kontzientziaz.
JAI AUZOA
Egia auzoa beti izan da festazalea. Egiako jendeari mozorrotzea gustatzen zaio.
Inauteriak, esaterako, beti izan dira arrakastatsuak, eta gaur egun ere horrela jarraitzen dute.
Elkarte gastronomikoek (Ur Zaleak, Donosti Gain) Madalenak, Koruko jaiak... antolatzen zituzten, eta, horiez gain, beste jai batzuk ere izaten ziren zenbait lekutan: Baztan, San Frantzisko Xabier, adibidez.
1982an, jai horiek desagertzearen ondorioz, Porrontxoak sortu ziren, inolako santurekin loturarik ez duen festa.
Koadrilen parte-hartzean oinarritzen den jaia da, irailean auzoa hankaz gora jartzen duena.