Villa Saliako borroka

Villa Salia izeneko etxea Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalarena zen (INP), garai hartako Gizarte Segurantza, eta medikamentu biltegi moduan erabili zuten. Abandonatua zegoen eta botika iraungiz betea. Egian, auzoko jardueretarako tokirik ez zegoenez, begiz jo zuen jendeak etxe hura. Auzotarrek eginiko eskaerei erakundeek muzin egiten zietenez, 1976ko uztailean, jendea antolatu, etxea okupatu eta garbitzen hasi zen, nolabait erabiltzeko auzoko beharren bat betetze aldera. Poliziak bi aldiz bota zituen okupatu zutenak, eta hesitu egin zuten gero.

Urte bete pasata, 1977ko uztailean, INPk etxea saldu behar zuelako hotsa zabaldu zen. Auzotarrak berehala elkartu ziren batzarrean eta lanean hasi. Batzarrean sortutako batzordeek INPrekin eta Udalarekin hitz egitera jo zuten. Udalak etxea erosi eta auzoaren esku jartzeko proposatu zieten.

1977ko uztailaren 24ean burututako manifestazioa udaletxera.

Uztailaren 14tik aurrera gogortu egin ziren auzoko ekintzak: batzarra eta manifestazioa egun horretan bertan; 15ean, kontzentrazioa INPren barruan, enkantea geraraz zezatela exijitzeko; 16an, kontzentrazioa gobernu zibilaren aurrean; 19an, batzarra frantziskotarren komentuan. Beste batzar bat 22an: agindutakoak aginduta ere, partikular bati saldu zioten etxea. Jendea sutu egin zen.

24an, 500 bat lagun agertu ziren udaletxearen aurrera, etxearen salmenta atzera bota eta Udalak eros zezan exijitzeko. 26an, beste manifestazio bat udaletxera. 500 bat lagun abiatu ginen Egiatik, baina beste auzo batzuetako jende asko elkartu zitzaigun harako bidean. Hedabideetan zebilen gaia, hiri guztian bolo-bolo. Ez ziguten udaletxean sartzen utzi nahi, baina indarka sartu eta okupatu genuen udalbatza aretoa.

Udaletxeko plenoa auzokideek okupatuta.

Biharamunean, irratiek zioten INPk enkantea bertan behera utzia zuela. Auzoko jendea fidatu ez, eta berriro joan zen manifestazioan udaletxera eta udalbatza aretoa okupatu. Hantxe, jardueretako alkate Muñoz Mugicak, Otazu kanpoan baitzen, etxea erosi eta auzoari uzteko konpromisoa sinatu zuen.

Florencio Muñoz Múgica alkateordea akordioa sinatzen.

Alkateordeak sinatutako idazkia.

Udalak bete zuen hitzemandakoa: etxea erosi egin zuen. Baina lan handia zegoen eginkizun. Haurtzaindegi bat zen auzoko premietako bat, eta horri ekin zioten batzarreko zenbait batzorde. Lortu genuen Udalak etxea egokitzeko lanak egitea, etxean haurtzaindegia jarri eta umeak hartzen hastea… baina ez genuen nahi genuen lortu: udal haurtzaindegi izan zedila. Ez genuen baliabiderik haurtzaindegi pribatu bat mantentzeko, eta, pixkanaka, matrikula jaitsi egin zen.

1980.urtearen hasieran, Villa Salian, haurtzaindegia ireki zen eta hala egon zen 1981. urteko azaroa bitarte.

Haurtzaindegia itxi zenean, Villa Salia etxean euskaltegi bat egitea pentsatu genuen. Hori ere lortu genuen. AEK-k urtetan jardun du euskara klaseak ematen bertan. Matrikula jaisten hasi, eta AEK-k etxea utzi behar izan zuen. Eta badakizue zer den orain  Villa Salia etxea: Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Ikastetxea. Beraz, nola edo hala, Villa Salia etxeak bete zituen eta bete egiten ditu auzoarendako eginkizun garrantzizkoak.

Gauza asko esan daitezke ibilbide hau ikusita, baina batzuk argi daude:

  • Villa Saliako borroka auzoak egin zuen; inor ezin da hartaz jabetu.
  • Batzar bidezko antolakuntza izan zen; jende orok eman zezakeen iritzia, eztabaidatu, proposatu.
  • Villa Saliako borrokak, eta ondorengo urteetan gertaturiko beste batzuek, auzoko jendea elkartu egin zuen.
  • Egia auzo askoren eredu bihurtu zen, nortasunez eta komunitate senez.

Beste garai batzuk ziren, noski, baina gaur egun ere, asko ikas genezake Villa Saliako borroka hartaz.


Villa Saliari buruzko

irudi guztiak ikusi